XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurreraxeago irakurri ahal izango den bezala, Euskal Herritik urruntzeak barruko errepresioaren areagotzea ekarri zuen.

Beste ondorio bat ere ekarri zigun: komunikazioen interbentzioa eta euskaraz komunikatzeko idazteko batez ere oztopoak.

Soriara iritsi eta ordurarteko egoera arras aldatu zen.

Polizia Nazionala kartzela barruan zen, zentro delakoaren inguruan eta gu ibili beharreko pasiloetan.

Egoera hartan berehala hasi ziren mehatsuak, jipoiak, gau erdiko bisitak, etab.

Lagunen bisitak debekatu egin zizkiguten, vis a vis-ak kendu eta gutunen interbentzioa jarri ziguten indarrean.

Ordurarte itxita entregatu eta jasotzen genituen gutunak, handik aurrera irekita entregatu behar genituen eta kaletik jasotzen genituenak zabalik ematen zizkiguten. Garai hartan telefonoz deitzeko baimenik ez genuen izaten.

Sorian, bisitetan euskaraz egiteko oztoporik ez genuen izaten.

Euskarazko gutunak nahiko zuzen iristen ziren, guk igortzen genituenak bezala jasotzen genituenak.

Gehien-gehienetan zuzen iristen baziren ere, gure etxean eta ez gurean bakarrik badira zazpi urteko atzerapenez jasotako gutunak.

Euskaraz idazteko eta bisitetan euskaraz egiteko arazoak beranduxeago heldu ziren. Hain zuzen ere, neuri dagokidanez behintzat, 1980ko ekainean, PM batzuekin Mitxel Sarasketa (20 urte barrote tartean igaro arren, oraindik preso daukate Mitxel!) eta biok La Mantxako Herrerara eraman gintuztenean.

Herrerara iritsi eta laster ikusi genuen zer izango genuen hurrengo hilabeteetan.

Biluztearekin batera, ordulariak, kateak, liburuak eta soineko erropa bera ere kendu egin ziguten.

Buzo zikin bat eta oinetako ziztrin batzuk eman zizkiguten gure den-dena kendu miaketarako kendu eta gero.

Hurrengo egunetan behar genituenak eman eta besteak erretiratu egin zizkiguten (ordularia, kateak, oheko erropa ez genituen behar eta ezta liburu eta janzteko erropa gehienak ere; halaxe erabaki zuten kartzelariek, ez genituela behar, eta beraz, erretiratu egin zizkiguten).

Irratia eta telebista edukitzea debekatu egin ziguten, baita familiaren bidez egunkariak edo aldizkariak jasotzea.

Hilabete batzuetan El País bera erostea debekatuta izan genuen, Herrerako torturei buruz artikulu bat kaleratu zuelako.

Erosi, Ya erosteko baimena geneukan, baina egunkari horri ere egunero orri pila bat kentzen zizkioten guri eman aurretik.

Harremanak ere mugatu egin zizkiguten. Preso lagunekin hitz egitea bera ere debekatu egin ziguten, patiorako ezartzen zizkiguten bi lagunekin izan ezik.

Telefono deiak eta vis a vis-ak pentsa ezinak ziren. Bisitak debekatu, ez zizkiguten debekatu. Baina kabinako atzekaldean bi edo hiru funtzionari izaten genituen mehatxuka politikaz edo barne bizitzaz ari ginelako edo euskaraz egiten genuelako.

Abokatuen bisitetan ere bi kartzelari izaten genituen atzekaldean gure solasa paperean biltzen.

Kartak idazteko baimena eman ziguten: astean karta bat idazteko baimena geneukan, beti ere guraso, senide edo emazteari zuzenduak eta orri bateko luzerakoak. Eta gaztelaniaz. Euskaraz idaztea debekatuta genuen. Jaso ere, etxekoen gutunak jasotzen genituen....euskaraz heltzen zirenak salbu.